XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskara eskoletara

Zailtasun handiekin bada ere, gerrak eten zuen hariari berriz heltzea lortu zuen euskaldungoak 60. hamarkadan.

Ez zen alferrikakoa izan segida eman zioten haien lana.

Izan ere, giroa apur bat hobetu zenean, errauspean zegoen ilintiari putz egin eta laster hasi zen, berriz ere, berotzen euskal sukaldea.

Gorago aipatu dugun euskaldun askoren hiritartzea zela eta, oso arriskuan ikusten da euskararen etorkizuna.

Irakaskuntzaren demokratizazioarekin, ez da ia inor Euskal Herrian kulturaren ateak itxita dituenik.

Baina erdal kulturaren ateak, noski.

Horregatik, gerra aurretik gorpuztutako asmo bati bide emanez, lehen ikastolak sortzen dira.

Elizaren babesean eta hark utzitako lokaletan gehienak.

Guraso askok arriskatu zituen seme-alabak, oraindik irteera garbirik ikusten ez bazitzaion ere proiektu hari.

Euskaraz eskolatze horrek abantaila handiak ekarri dizkio, bata bestearen atzetik, katean bezala, euskarari.

Lehenik, euskal liburuen beharra.

Horrela, bere historia guztian baino gehiago dira azken 30 urteotan euskaraz argitaratu diren liburuak.

Euskaltzaindia eta euskara batua

Eskolatu beharrak, liburuak idatzi eta argitaratu beharrak, euskara batuaren beharra ekarri du ondorioz.

Irakaskuntzan ari direnek, argitaletxeek, idazleek berehala planteatzen dute galdera: Nola idatzi behar dugu?

Eskualde bakoitzak bere euskalkiz egin behar al du ala batasunera jo?

Erantzuna ez zen zaila.

Euskal idazleek eta Euskaltzaindiak berak ere aspaldi hartutako eginkizuna betetzeko garaia iritsia zen, dudarik gabe.

Joan zen ikasturtean esandakoak ez ditugu hemen errepikatuko.

Han dituzu, bostgarren gaian, Euskaltzaindiari eta honen lanari buruzko hainbat xehetasun.

1968an egin zuen Euskaltzaindiak harrezkero abiapuntu izan den bilera garrantzitsu bat eta horretan dihardu, euskara batasun bidean gidatu nahirik.

G. Aresti: garaiaren lekuko

Euskal bertso eta olerkiari helduko diogu, berriz ere, horixe baita gure gaia.

Egan aldizkarian utzi ditugu gure olerkari berriak bide berrietan trebatzen.

Federiko Krutwig, Jon Mirande, Gabriel Aresti eta beste zenbait nabarmentzen dira.

Jon Mirande, Parisen bizi zen zuberotarra, euskal olerki berriaren aintzindari izan zen, gai eta olerki molde berrietan saiatuz.

Euskal olerki lehiaketak berriz antolatu ziren eta G. Arestik lortu zuen 1959an lehen saria bere Maldan behera poemarekin.

Geroago, bere Harri eta Herri poema liburuarekin inoiz olerki liburu batek lortu duen arrakastarik handiena lortu zuen.

Arrakasta horretan eragin handiagoa izan zuen, dudarik gabe, garai hartako borroka ideologiko eta linguistikoak (euskara batuaren inguruko eztabaidak), olerkien balio estetikoak baino.

Gizarteak bizi dituen arazoak isladatzen dira Arestiren lanetan.

Bilboko kale gorrian atzerritar sentitzen du bere burua, baina arduraz bizi ditu kanpotik etorritako langileen kezka eta arazoak ere.

Egoera horrek minduta bizi da eta bere olerki askok minezko oihuak dirudite.

San Simon eta San Juda
joan zen uda
eta negua heldu da.
Ez baletor hobe
bizi gera pobre
eremu latz honetan
ez gera hain onak, benetan.
Ez dugu zaldirik, ez gera zaldunak.
Ez dugu abererik, ez gera aberatsak.
Euskara guk dugu, gu gara euskaldunak.